XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

a) Grezia eta Erromako aintzinatean.

Mendebaldeko medikuntza zientifikoak Grezian du bere sorburua.

Erromak finkatu zuen, berriz, lehenengo aldiz, osasunarentzat oinarrizko beharra den guztien higienea.

(Grezian, norberaren garbitasuna bakarrik hartzen bait zen kontutan).

b) Kristautasunaren hedapenarekin gaisoaren balioztapen berri bat iristen da, giza harremanetan finkatua.

Pentsaera berri honek bereizpen sozialak gainditzea ekar dezake, eta hor dagoke, agian, medikuntza sozializatuaren hasiera.

Baina kristautasuna Erromako inperioaren erlijio ofizial bihurtzen da, eta haren egitura politiko, ekonomiko eta sozialen menpean gertatzen; berriro ere, baztertu egingo dira gaisoak, eta ospitaleak ez dira malderren etxe besterik izango.

c) Erdi Aroan, hirien desarroiloa dela bide, erakunde batzu sortzen dira: diru piska bat ordainduz, medikua, sendagaiak eta zirujanoa eskaintzen dituzten erakundeak.

Lan elkarteen inguruan finkatzen dira.

Europako nazio guztietan horien aurka altxa ziren medikuak.

d) Garai horretan, eta Frantziako iraultza baino lehen, osasun zerbitzuaren antolaketa justu eta razionalago baten beharra agertzen da.

Batzuek, utopia ilustratuak deitzen zituzten printzipio hauek: hala gertatu zen Ingalaterrako Daniel Dofos (1697) eta Polin Beltiers-ek (1714) edo Frantziako Dianon de Chamonsset-ek esandakoekin.

Ez ziren praktikan jarri; baina, histori aldetik, ardurazko ekintza egin zuten: ordura arteko karitatezko asistentziaren aurrean, bestelako irtenbideak eskaintzen bait zituzten.

e) XVII. mendean, gaisoari buruzko kontsiderazio kristauan influentzia duen sekularizazio epe bat hasten da.

Honela, Frantziako iraultzaileengana heltzen gara.

1789. urteko asanblada konstituziogileak, giza eskubideen adierazpenean sartuko du osasun asistentziarako eskubidea, pertsonaren ohorearekin guztiz lotutzat deklaratuz.

Karitatean finkaturiko asistentzia hartatik, beste asistentzi motatara pasatzen da: gobernuaren menpeko eta sekular batetara.

Giza eskubideei buruzko ONUren adierazpena arte

XIX. mendea industri iraultzaren mendea da.

Orduan jarri ziren osasun antolaketa erabat aldatzeko oinarriak.

Lantegietako langileentzat, borondatezko aseguroak sortzen dira; elkarri laguntzeko lehen asoziazioak agertzen dira Ingalaterran, adibidez.